XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zinema meza nagusi berezia da

Genio y Lengua izeneko manifestu-liburu ezagunean, Ibarrek erdalgintzaren morroi bezala aztertzen ditu garaiko komunikabideak, eta zinema, nola ez, hauen artean:

Zentzumenei inposatzen zaizkie bortxaz, eta herri-borondatea baino indartsuagoak dira.

Beraien sartzea hiltzailea izanik, halakoa da kultura arrotzaren nagusigoa ere (bertzelako iduriak, bertzelako gustuak, bertzelako usadioak, bertzelako bizimodua, hitz batean, bertzelako zibilizazioa), norberaren kulturaren tresna bezala erabiltzen ez baldin badira. 57 Ibar. Genio y Lengua. Tolosa, 1935.

Ez zegoen ments arrazoiz.

Urte gutiren buruan armagintza bezain diru-emangarri bilakatua zen industria izaki, zinema yankiak pantailaren bidez konkistatzen zuen marineen lan bikainek konkistatu ezin izan zutena.

Anglosaxoniarra ez zen kultura oro gutietsiz, yankien bizimodua zibilizatuena bezala ezartzeko nehoiz herabe izan ez zutela, zinema baliabide garrantzitsua izan zen kontzientziak kapitalaren eta inperialismoaren alde biltzeko.

Edouard Herriot, Frantziako gobernamenduko burua 1924-25ean, eta gero errepublikazale espainol ihesginak bere Lyon-go Udaletik eskuzabal lagunduko zituen hark jo zuen oihu abertzalea:

- Ez dut nehoiz onartuko zinema iparramerikarrak Frantzia koloniza dezan!

Baina Paramount-eko ordezkaria ez zen ikaratu.

Frantziak indargabetzen ez baldin badu atzerriko filmeen inportaketa mugatzen duen dekretua, Estatu Batuek antzeko neurriak hartuko dituzte: Frantziako zerriki eta tualeta produktuek ez dute sarrera erraza izanen yankien merkatuan...

Hogoiko hamarkadaren erdialdera 55.000 zinema areto daude munduan, 250 milioi ikuslek bisitatuak egunero.

Eta komeniko litzateke, erran gabe doa, areto horietan Estatu Batuek eginiko produktu ederrak ikustea, eta hauek bakarrik, ahal izanez gero: yankiek saltzen dute munduko petrolioaren %40a, telefonoen %63a (...)

57 Ibar. Genio y Lengua. Tolosa, 1935.